Prestakuntza: irekiera eta itxiera. Lehenengo momento handia eta azkena.

CASTELLANO | EUSKARA


Gure buruaren aurkezpen pertsonal eta profesionala: entzuleak begira dugu.

Hizketan ari dena lehenengo ikusi egiten dugu, eta gero entzun. Presentzia hutsak inpresio bat eragiten du entzuleengan; batez ere ezagutzen ez gaituztenean, inpresio ona eragitea komeni da. Eta lehenengo inpresio ona eragiteko aukera bat baino ez dago. Interes eta prestutasun handiagorekin entzun zaitzaten lagunduko dizu.

“Lehenengo inpresio ona sortzeko aukera bakarra daukagu.”

1

Zure burua aurkeztu behar baduzu, honako elementu hauek hartu behar dituzu kontuan:

  • Norberaren datuak: entzuleen, egoeraren, eta abarren arabera beharrezkoa dena.
  • Lanbideari buruzko datuak: ondo kimatu. Zuhurtasuna eta umiltasuna.
  • Gaiari buruz badakigula erakutsi: errespetua eta hitz egiteko eskubidea irabazi ditugu.
  • Entzuleengana hurbildu: lehenengo irribarrea, erreakzio positiboa lortzeak ateak zabaltzen dizkigu.

“Norberaren aurkezpena ez da dotorezia kontua, senez jokatu behar da aukerak, irudiak eta harmonia behar bezala erabiltzeko.”

Arreta zeureganatu, interesa piztu, funtsa aurreratu

Hasiera onaren helburuak honako hauek dira:

  • Arreta zureganatzea, labur eta modu erakargarrian. Harritu.
  • Interesa piztu. Zergatik da interesgarria entzuleentzat?
  • Edukiak aurreratu. Zer esango dudan esan. Irudimena bizitu.
  • Onginahia irabazi. Hasieratik jendea zurekin egotea. Toki komunak eta topaguneak bilatu.

Jendeak gu geu nahiz aurkezpenaren edukiak errespeta ditzan lortu behar dugu. Entzuleak hitzaldiaren atal nagusia entzuteko prestatu behar ditugu. Hasiera ondo prestatua baduzu, hasierako urduritasuna gainditzen lagunduko dizu. Horretarako, erabilgarria da argi edukitzea eta nire hasierako hitzekin ondo identifikatuta egotea.

2

“Gosea egin dezagun. Janari goxo-goxoa dugu zain. Ondo apailatua eta gourmet zorrotzenak ere asetzeko modukoa.”

Nola eragin ondo har gaitzaten?

Abiapuntua bereziki prestatuko dugu hitzaldiaren gorputza landu ondoren, hau da, hitzaldiaren edukiak eta formulazioa zehaztu ondoren. Hori egiteko hamaika modu daude. Ikus ditzagun arreta gureganatzeko modu batzuk. Horietako bat baino gehiago erabil daiteke aldi berean, gaiarekin lotuta, jakina:

  • Enuntziatuaren izenburua edo interesa. Baieztapen ausartak jakin-mina piztuko du.
  • Galdera erretoriko adierazgarriak, probokatzaileak egin, entzuleak tartean sartzeko eta gogoetara bultzatzeko.
  • Aipu bat erabili, baimenduriko iturri ospetsu bat erabiliz. Sinesgarritasuna emango dizu.
  • Anekdota edo benetako pasadizo bat kontatu. Ez du dibertigarria izan behar, baina bai entretenigarria eta garrantzitsua, ondoren landuko dugun gaia kontuan hartuta. Giza interesa duen istorio labur bat kontatu.
  • Datu edo gertaera harrigarri bat, ustekabekoa, ezezaguna… Horren eragina berehalakoa izango da.
  • Atsotitzak, analogiak edo metaforak, beti gaiari lotuak.

Baliabide horiek erabiltzeaz gain, interbentzioa entzuleen arabera moldatzen baduzu, askoz hobe. Hasieran musika atsegina jartzeak, giro ona sortzen lagunduko digu. Ondoren, osatzeko, “esango dudana esan” egingo dugu, hau da, interbentzioaren funtsa, ideia nagusiak aurreratuko ditugu. Saioa nola banatuko den ere azal dezakezu.

Arreta gureganatu dugu. Orain harira jo behar da zuzenean, eta funtsezkoa kontatuko dugula bermatu behar dugu. Nola egingo dugu? Diskurtsoaren formulazioaren atalean ikusiko dugu.

Amaiera-ondorioa: beharrezko bukaera

1. Gure sinadura ahogozoa utzita

Hasiera bezala, amaiera ere zehatz-mehatz prestatu behar da, hitzaldiaren gorputza, hots, edukia prestatu ondoren. Denboraz murritz bagabiltza, hobe da mintzaldiaren gorputza laburtzea, amaiera laburtu ordez. Hau da, amaiera ondo lotu eta prestatu dugun moduan azaldu behar dugu. Uzta biltzeko unea iristean, mintzaldian erein eta landutako fruituak jaso ahal izango ditugu. Azkenekoa ziur geratuko da jendearen gogoan.

“Amaiera bikaina: erritmoan eta etenaldietan segurtasuna, sentipenak igortzean emozioa, eta hitzen irmotasunean uste osoa.”

2. Positibotasuna, itxaropena, ekintza

Azkeneko hitzak mantsoxeago esatea komeni da, arrapaladan esan gabe. Gidoiari begiratu gabe esaten badugu, hobe. Prestatzean kontuan hartu behar dugu, funtsezkoa laburtzeaz gain, honakoa ere eskaini behar duela amaierak:

  • Entzuleengan aldarteak sortzea, modu positiboan berretsita, eta arreta mezu nagusian finkatzen lagunduz.
  • Entzuleen erantzuna eta erreakzioa bilatu behar ditu, eta ekintzara bultzatu.
  • Izan atsegina eta entzuleak poztu, eta amaiera adeitsu eta positiboa egin. Azken-buruko on baten antzera, ahogozoa utzi behar du.

Amaiera txarrak huts-sentsazioa uzten du, zerbait amaitu ez delako sentsazioa. Amaiera ona azken-buruko ona bezalakoa da. Nire sinadura. Amaierako sentsazio atsegina uzten du.

3. Nola ipini azken ginga pastelari?

3

Ondorioen aurkezpenerako elementu garrantzitsuena ez-ahozko mintzaira erabiltzea da; horren bidez hizlariak defendituriko ideiekin duen atxikimendua, zintzotasuna eta sinesgarritasuna transmititzen dira. Emozionalki, entzuleak kutsatu behar ditu.

Ideia nagusia laburtu, sintetizatu, gogoratu, mezua sendotu, “zer esan dugun esan”, hau da, hiruzpalau ideia nagusien laburpena egin eta, gainera, errematea. Azkeneko gardenkia bereziki zaindu, ideia nagusia labur eta indar dezan.  Badira zeregina bikain amaitzeko hainbat eta hainbat modu: Hona hemen modu horietako batzuk:

  • Erronka edo eskaera. Proposatzen duzun ekintza hori indarrez zehaztu.
  • Baimendutako iturri batetik hartutako aipu bat, inspirarazteko.
  • Azken onura aipatu.
  • Abiapuntuko arrazoira jo.
  • Emozio-eragina
  • Pertsuasio-esaldi gehigarria.
  • Esandakoaren arabera jarduteko asmoa duzula adierazi.

Errematearen ondoren, isiltasuna. Eskerrak eman, entzuleei begiratu, eta irribarre egin.

Advertisements