Metaforak

CASTELLANO | EUSKARA


“Metaforek ideiak argitzeko eta grabatzeko balio dute, eta mezua hobeto helarazten da”

Apaingarria baino gehiago

Irudi erretorikorik ezagunena da. Metaforak benetako termino bat irudimenezko beste batekin erlazionatzen du; ispilua deitzen zaio, eta antzekotasuna dute. Pertsonaren barrualdera iristeko egokia da, giro egokiagoa sortzen baitu.

Metafora bat erabiltzea ez da apaingarri hutsa edo diskurtso batean jolasgarri hutsa izango. Ondo aukeratu eta erabilitako metafora baten indarrak hedadura handiagoko komunikazioa lortzeko bidea izan behar du, emozioak, oroitzapenek eta arrazonamenduek entzulearengan eragin behar dute, eta horrela, metafora erabili izan ez balitz baino arrasto sakonagoa utziko du haren memorian. Esaterako, “ipini pilak”, “ia zerua ukitzen dut eskuekin”, “Koldo jakinduria-iturri amaigabea da”, “denbora urre-gorria da”, “azterketa lupaz behatu zuen”…

Baten batek gertaera edo iritzi bat jakinarazten duenean, baliteke entzuten ari zaionarengana ez iristea, batez ere entzuleak jasotzen duen mezua berezko duen inongo interes edo sentipenekin loturarik ez badu. Baliteke entzuten ari dena ulertzea, baina arrazoiaren mailan geratuko da eta baliteke gogoan gordeko duen guztia izatea mezua logikoa eta adimentsua zela. Geroago oroitzapen horretara iritsi nahi badu, ahalegin handiagoa egin beharko du. Diskurtso batean metaforak erabiltzeak edukirako irispidea zabaltzen du, eta gainera, komunikazioa interaktiboa izatea lortzen du. Komunikazio horretan sartzea lortu behar dugu, entzuten ari den horri erantzuna ematea, isilean bada ere.

Egokiak dira ikasteko eta gogoratzeko

Entzuleak informazioa jaso eta garuneko gune asko (bisuala, afektiboa, oroitzapenak, ondorioak, elkartzeak, etab.) aktibatzeaz gain, prozesu hori asebetetze sentsazioarekin bete du, mezua dezifratzeko gai izan delako: azken mezua berea izango da. Berak bere kabuz “destilatu” du esanahia. Berak, bere kabuz “esan” berri du mezuaren edukia. Garrantzitsuena da ilustratu, komunikatu edo indartu nahi den horren eta metaforaren edukiaren arteko translazioa tarteko puntu batean mantentzea: ez du izan behar ulertzen oso zaila, baina ez eta oso begi bistakoa ere.

Irakasle onek, betidanik, ikasleek aldez aurretik ulertua zuten zerbaitetan oinarritu izan dira ideia berriak ulertzen laguntzeko. Zuk ere baliabide hori erabil dezakezu zure aurkezpen eta diskurtsoetan. Errealitate konplexu edo abstraktuak eguneroko kontzeptu bailiran azal ditzakezu.

Jadanik badakigun zerbaitekin nola erlazionatzen den asmatuz ikasten dugu zerbait berria. Elkarren arteko konexioa zenbat eta argiagoa izan, orduan eta errazago eta erabatekoagoa da ikaskuntza. Entzuleei konexio bat eskaintzea metaforaren bidez irakasteko hasiera baino ez da; izan ere, pertzepzio eta azalpen berriak sortzeko pentsamendu-eredua eskaintzen dutelako. Hitzaldi osoan zehar metafora bera aipa daiteke behin eta berriz, aberastu eta metaforan aipatzen den errealitatearen alderdi berriak azaldu. Metafora onak sortzaileak dira. Metaforek ezagutzen duguna eta ezagutzen ez duguna konektatzen dute, ezagun zaiguna berriarekin.

Analogia edo konparazioa metafora mota erraz eta erabilgarria da. Konparazioek antzekotasunak erakusteko kontzeptua ilustratzen dute. Oro har, “bezala(koa)” edo “…ren berdina” adierazpenak dituzte. Esaterako, “Aurkezpenetan istorioak erabiltzea, sukaldean oliba-olioa erabiltzea bezala da”, “haren interbentzioa belarrondoko bat bezala izan zen”.

Amaitzeko, metafora mota asko dago, objektuak, anekdotak, ipuinak, erreferentzia zientifikoak, etab. erabil daitezke.

“Metaforaren bidez, gauza gatazkatsuak edo ezezagunak gertuko edo ezagun balira bezala jasotzen dira”

Emmanuel Lizcano