Aldez aurreko saiakuntza

CASTELLANO | EUSKARA


Praktikak bihurtzen zaitu maisu

Entzuleen aurrean erdi prestaturik agertzea, erdi biluzik agertzea bezala da. Hitzaldiaren garrantziaren, entzule kopuruaren, gure interbentzioak komunikabideetan izango duen eraginaren arabera, oso gomendagarria da aldez aurreko saiakuntza egitea, aurkezpen osoa praktikatzea, eta bereziki hanpatzea “nola” egingo dugun, batez ere gorputz-mintzaira eta ahotsaren tonua, horien garrantzia berebizikoa baita hitzaldiaren arrakastarako. Horretarako, bene-benetan sartu behar gara hitzaldian, eta hori guztia bideo-kameraren aurrean, ez ispiluaren aurrean.

Entseguak egitea noiz den beharrezkoagoa eta zenbateko entseguak behar ditugun neurtzen jakin beharko dugu. Aldez aurreko saiakuntzak, honako honetarako balio izango digu:

  • Naturaltasuna eta bat-batekotasuna handitzeko.
  • Diskurtsoaren deklamazioa hobetzeko: ahotsa, gorputz-mintzaira, adierazgarritasuna…
  • Hitzaldiak behar duen denbora, gabeziak eta alderdi ahulenak zein diren hauteman, eta zuzendu ahal izango ditugu.
  • Ikus-entzunezko lagungarriak probatuko ditugu, berbaldian ondo egokitzen direla ziurtatzeko.
  • Buruan ideiak argitu ahal izango ditugu.
  • Hobeto gogoratuko dugu, bai eta memorizatu ere, eta ez dugu gidoiaren mende egon behar izango.
  • Segurtasuna eta konfiantza irabaziko ditugu. Uste baino hobeto egiten dugula ikusiko dugu, eta gure autoestimua handitu egingo da.
1

 

Entseatu bideo-kamerarekin

Izan ere, ozen hitz egiten dugunean konturatzen gara akatsak non dauden, lotuta zegoela uste genuena benetan ez dagoela. Hasiera eta amaiera entseatu beharko dira gehien. Jarrera, enpatia, gogo bizia, gure aldeko inpresio positiboa eskaintzea, horiek guztiak edukien gainetik geratzen dira; beraz, kontu handiz zaindu beharrekoak dira. Benetako hitzaldiaren ahalik eta saiakuntza hurbilena egitea lasaitasunerako bermea eta arrakastarako bidea da. Zentzugabekeriaraino karikaturizatzeko eta handizkatzeko gai bagara, entrenamendu bikaina egingo dugu.

Bideo-kamera ikasteko tresnarik onena da, zure irakaslerik onena. Zaren moduan agertzen zaitu. Kosta egingo zaizu zure burua grabazioetan ikustea. Ez duzu zure ahotsa ezagutuko, makulu-hitzak ikusiko dituzu, nerbio-tikak, une batzuetan etsiak hartuko zaitu, zure indargunean eta ahulguneak ikusiko dituzu eta, oro har, entsegua bideo-kameran ikusi ondoren, indarberrituta egongo zara. Zure indarguneak sakonduko dituzu, eta hobetu beharreko alderdiak leundu. Entzule papera egingo duten pertsonen aurrean entseatzea ere lagungarria da. Ahaztu ispilua, ez da oso erabilgarria edukiei eta ispiluari adi egotea.

Kontuz! Beranduegi denean, ez damutu aldez aurretik saiatu ez izanaz.

“Inspiraziora iristeko modurik seguruena prestakuntza da”

2

Advertisements