Ahotsa: zain dezagun gure tresna (1)

CASTELLANO | EUSKARA


Intonazioa, bolumena, ebakeraren argitasuna diskurtsoaren elementu gakoak dira. Ahotsaren bidez bizipoza, zintzotasuna, segurtasuna, gaiaren ezagupena igortzen dugu, baina baita guztiz kontrakoa ere. Ahotsa funtsezkoa da milioika pertsonaren lanbidean. Gure ahotsa gure hatz-marka bezain berezia da. Gugandik kanpora dugun enbaxadorea da. Gure izaeraren eta emozioen ispilu da.

Ondo arnas hartzea, hobeto berba egitea

Ahotsa hobetzeko arnas hartzen ikastea, airea sudurretik urdailera eramatea da. Eta horretarako funtsezkoa da arnasa hartzea. Arnas hartu, arnas hartu, arnas hartu… eta komunikatu egingo duzu. Jauzi kualitatiboa eman nahi badugu, gakoa arnasketa diafragmatikoa da. Praktika eta entrenamendu berezia behar ditu. Ahotsa zure laneko tresna bada, ahotsari inflexioa emateko, jaisteko eta igotzeko, hobe da diafragma erabiltzea, inoiz ez eztarria.

“Mezuak nire ahotsa den itsasontzian bidaiatzen badu, hark nire arnasa den ozeanoan nabigatzen du”

Diafragma kaxa torazikoan dagoen muskulua da; zabaltzean eta uzkurtzean huts-efektua eragiten du, eta indar abdominala erabiltzen du biriketara aire gehiago helarazteko. Arnasketa abdominalak diafragma erabiltzen du arnasa hartzeko eta ez bularra; eta hori da gure arnasketa, gure osasuna eta gure ahotsa hobetzen lagunduko digun oinarrizko arnasketa-teknika.

1

Gertatzen dena da modu naturalean bularretik hartzen dugula arnas, eta oso zaila da diafragma bidezko arnasketa natural bihurtzea eta ohituraz erabiltzea. Praktika asko behar da. Gure lanbiderako ahotsa ezinbestekoa ez bada, ahalegin handia eta entrenamendu asko behar da diafragma bidezko arnasketa modu naturalean erabiltzeko. Tarteko konponbidea dira abiadura egokia, etenaldiak, eta biriketan behar beste aire sartzea. Izan gaitezen errealista eta praktiko, eta optimiza dezagun gure ahotsa abiadura egokia erabiliz, etenaldiak egiten eta normaltasunez arnasa hartuz. Biriketan zenbat eta aire gehiago hartu, hobe.

Naturaltasuna, jarioa eta sosegua

Hitzek berez irten behar dute, eta arrapaladan doazelako itxura eman gabe, entzuleekin bat egitea ahalbidetuko digun erritmoan. Azkar hitz egiteak ez du ulermena errazten. Arinegi hitz egiteak hizlaria urduri dagoela erakusten du, eta ezinegona sortzen du entzuleengan. Aitzitik, mantsotasunak edo patxadak bizitasuna kentzen du eta logura eragiten du. Ahozko adierazpenak bateratu egin behar ditu jarioa eta sosegua, eta horretarako, etenak erabili behar dira esaldi batzuk azpimarratzeko, gogoeta eragiteko edo gai aldaketa adierazteko.

Ezagutzen al dugu gure ahotsa? Zer nolako ahotsa dugun eta hobetu egin dezakegula jakin behar dugu. Gorputz-mintzairaren atalean esan dugun bezala, horretarako formula egokia da gure burua grabatzea eta entzutea. Horrela, litezkeen akatsak atzemango ditugu, eta kasu bada, zuzendu. Terapiarik onena praktikatzea eta saiatzea da. Ahotsaren kalitatea funtsezkoa da.

Advertisements